-zko

«Ez dira gutxi, hala ere, -ko, bere antzeko -to eta -sko, -zko eratorriekin batera heriotzaren loa jasaten duten hitzak; edota akaso larba egoeran datza, literatura kementsu batek bizi berria komunikatu dakion zain.»

R. M. de Azkue, Diccionario Vasco-Español- Francés, 1905, Vol.1, p. 493
-zko, Tractora Koop. E. artisten kooperatibaren baitan sortu den egitasmo bat da. Bere helburua, artearen eta bestelako ezagutza diziplinen artean kokatzen diren lanak argitaratzea eta zabaltzea da.

-zko argitaletxeak R.M. Azkuek bere hiztegia osatzeko erabili zuen metodoa bere egiten du. Landa lana eta edizio lanaren uztarketatik sortzen diren obren bidelagun, jatorri anitzetako zerak inguratu eta antolatzetik sortzen diren ezagutza sentikorrak artikulatu nahi ditu.

-zko atzizkia gauzak nolakoak diren esateko erabiltzen dugu, zerez eginak edo zerekin eraikiak diren adierazteko. Gauzak zein materialekin osatuak diren arabera, halako izenlagunak sortzen ditugu, mundua materialki deskribatuz. Aldi berean, materialek hizkuntza sortu eta eraberritzeko duten ahalmenaren berri ematen digun atzizkia da -zko.

Teknika eta etnikaren arteko bidegurutzeei erreparatzeko, objektuen ontologiaz gogoeta egiteko eta gailu eta artefaktuen sorkuntza, erabilera eta eraldaketei arrastoa hartzeko borondatea du -zko argitaletxeak.
Share by: